Already a member?
Sign in
| Version | User | Scope of changes |
|---|---|---|
| Aug 20 2007, 3:41 PM EDT (current) | koro | |
| Apr 17 2007, 2:57 PM EDT | koro | 2 photos added |
Changes
Key: Additions Deletions
Andrés Urdaneta Ordizian jaio zen 1508an (zigilu honetan 10 urte lehenago jartzen duen arren!) eta Mexikon hil 1568an.
Aita Juan Ochoa de Urdaneta zen eta ama, berriz, Gracia de Cerain. Aita Ordiziako alkate izan zen 1511. urtean, behintzat, eta amaren aldetik, Legazpiren ahaide zen. Betidanik entzun dugu Urdaneta Oiangu baserrian jaio zela, baina datu hau ez dago konprobatuta eta gaur egun ikerketa batzuk bere jaiotetxea hirigunean zegoela diote. Egia esan, gutxi dakigu bere haurtzaroaz, bere zaletasunaren jatorriaz eta 1525eraino denboraldi ilun bat da bere bizitza.
Kosmografoa, apaiza, marinela eta esploratzaile espainiarra, Ospe izugarria hartu zuen bere garaian “itzulerako bidea” deritzonak (Ruta de Urdaneta o Tornaviaje), Filipinetatik Ameriketara itzultzeko ibilbidea, Ozeano Barea zeharkatuz.
1525ean17 urte zituen eta García Jofre de Loaisak Moluketara eginiko bigarren espedizioan laguntzaile gisa ontziratu zen Elkanorekin batera, Sancti Spiritus itsasontzian. Magallanes itsasartean ontzia hondoratu egin zitzaien eta, zenbait egun lehorrean egin ondoren, atzetik zetozen ontzietan sartu beharra izan zuten. Eskorbutuak Elkano eta beste kide batzuk hil zituen[1]. Elkanoren testamentua sinatu zuen testiguetako bat bera izan zen. Moluketara iritsita (7 ontzi ziren eta bakarra iritsi zen), Tidor uhartean gotorlekua eraiki zuten. Gaztela eta Portugalen artean sinatutako akordioaren arabera (Tordesillas), hura portugesei zegokien lurra zen eta, arrazoi horrexegatik, portugesek espedizioari eraso eta ontziak suntsitu egin zizkieten; borrokek luzaro iraun zuten eta Urdaneta zauritu egin zuten. 1529an, bakea sinatu zutenean, Carlos I.ak, Espainiako erregeak, Molukak Portugalen esku utzi zituen eta Urdaneta eta beste guztiak itzuli egin ziren. Aurrez, Amerikara Pazifikotik itzultzeko saiakerak porrot egin zuen eta Asiako nabigatzaileekin harremanak izan zituen. 1534an gaude eta Urdanetak 26 urte ditu.
1535eko otsailaren 15ean abiatu zen eta 1536ko ekainaren 26an heldu zen Lisboara. Bertara iritsi bezain laster, portugaldarrek zeramatzan agiri guztiak konfiskatu zizkioten. Espainiako enbaxadorearen aginduari jarraituz, Portugaletik alde egin bezain laster, Urdanetak mapak egin zituen Moluketarako bidea markatuz eta memoria bat idatzi zuen bidaia ahalik eta hobetoen kontatuz.
1537an Espainiara itzuli zenean, irla horien memoria entregatuko dio Carlos I.ari, Loaisaren espedizioaren berri zehatzak emanez.
Méxicora joan eta agustindarren komentuan sartu zen 1553an (45 urte zituen). Antza, hemen ezagutuko zuen Miguel López de Legazpi, beranduago elkarlanean ikusiko duguna.
Urdaneta, ikerketa ezberdinak egiteaz gain, fraide lanetan zebilen, baina bere fama ez zen gelditu eta Espainiako errege berriaren belarrietaraino iritsi zen. 1559an Felipe II.ak idatzi zion, Velasco erregeordeari Moluketarainoko espedizio bat antolatzeko agindua eman ziola esanez eta Urdanetaren beharra zuela. Mexikorako espedizioek porrot egiten zutela ikusirik, baiezko erantzuna eman zion Felipe II.ari. Erregeak bazekien Tordesillaseko Itunaren arabera, Filipinak Portugalen mugapean zeudela, baina bazekien ere Filipinetan ez zegoela portugaldarrik. Filipinak menperatzeko eta Txinarekin merkataritza-zubi bat finkatzeko, beharrezkoa zen, Pazifikotik Espainia Berrirainoko itzulerako bide bat aurkitzea. Aurreko itzulerako bidaien bost saiakerek kale egin zuten eta Urdaneta zen erronka hura konpon zezakeen bakarra.
Filipinetan behin betiko kokalekua finkatu ondoren, Espainia Berriarekin lotuko zuen bide egonkorra aurkitzea besterik ez zen geratzen: itzulerako bidea.
López de Legazpi artxipelagoan gelditu zen bitartean, Urdanetak itzulerako bidaiari ekin zion. 1565eko ekainaren 1ean bide berri batetik abiatu zen, Filipinetako San Migueletik, eta, lehendik eginiko mapei esker, Acapulcora iritsi zen urriaren 8an, 4 hilabetetan gutxi gorabehera 20.000 kilometro egin ondoren.
José Ramón de Miguelen hitzetan:
“Udako montzoiak bultzatuta, abuztuaren 14ra arte ipar-ekialdera nabigatu zuten Acapulcoraino eramango zituen Kuro-Shivo korrontea bilatuz; egun hartan lehen aldiz lortu zuten 39ºko ipar-latitudea 170ºko mendebal-longitudean. Ondoren, 32º Nra jaitsi, eta 39º 30' Nra igo ziren berriz ere irailaren 4an. Nabigazioa 'alferrik' luzatzen zuten bi 'mutur' horiek ere ez ziren ezustekoak izan: Urdanetak egiaztatu egin nahi zuen longitudea, garai hartan koordenatu menderaezina baitzen baina Pazifikoa zeharka gurutzatzeko ezinbestekoa.
Bere kalkuluekin bete-betean asmatu zuen, izan ere, Espinosa pilotuak, kontinente amerikarrera zegoen distantzia balioestean, bere egunkarian idatzi zuen Urdanetaren ustez egungo Mendozako Lurmuturretik 270 legoara zeudela. Distantzia hau 15 egun nabigatu eta gero egiaztatu zen. Kalkuluaren bidez soilik nabigatuz, 7000 miliaren ondoren ezinezkoa izango litzateke horrelako zehaztasuna lortzea.
Irailaren 18an Kaliforniako Santa Rosa uhartea begiztatu zuten, eta honenbestez amaitzen zuten Pazifikoa mendebaldetik ekialdera zeharkatuz egindako lehen bidaia. Eskifaia akituta zegoen, baina jateko eta edateko premia handirik gabe. Egun hartatik aurrera, azkar jaitsi ziren kostaldetik Urdanetak hautatutako herriraino: Acapulcoraino, hain zuzen ere. Urriaren 8an porturatu ziren.
Urdanetaren ezintasunaren mito zabaldua desegin ez ezik, itzulerako bidaia azkarra eta ezbeharrik gabekoa ere izan zen, inprobisaziorik gabekoa. Bidaia horren emaitza zuzenek 1815. urtean Manilatik azken galeoia itsasoratu zen arte iraun zuten; emaitza ez zuzena, berriz, beste honako hau da: bide hori mundu modernoaren itsas bide nagusienetako bat da egun.
Espaina Berrira itzuli eta Audientziaren aurrean aitortu ondoren, Urdaneta Gaztelara joan zen Felipe II.ari kontuak emateko.
Behin Gaztelan, gure gizonak Tordesillasko Itunaren baldintzetan oinarritutako irlen jabetzari buruzko “Parecer del P. Andrés de Urdaneta” agiria idatzi zuen 1566ko urriaren 8an.
Iritsi zenean, Urdanetak zera jakin zuen: Alonso de Arellano, bere tripulazio kide izan zenak, aurrea hartu zion eta, Urdanetak esplikatutako bidea jarraituz, abuztuan iritsi zen Navidad-eko portura. Hala ere, Arellanok berri gutxi idatzi zuen eta zenbaitzuk fede txarreko ekintza kontsideratu zuten. Horregatik eman zitzaion Ruta de Urdaneta izena eta XVI eta XVII. mendeetan, eta, batez ere, Acapulco-Manila-Acapulco bidaia urtero egingo zuten galeoi espainiarrak bide hau erabiliko dute behin eta berriro.
Urdaneta Mexikoko agustindarren komentura erretiratu zen. 60 urte zituen hil zenean.
Iturria: de Miguel Bosch, J. R., merkataritza-itsasketako patroia eta Urdaneta en su tiempo liburuaren egilea. www.euskonews.com
[1] Loaisa 1526ko ekainaren 30ean hil zen. Elkano, berriz, 1526ko abuztuaren 4an.
Koro Irastorza Etxeberria, Jakintza Ikastolako irakasle. Historia erakusten du Batxilergoan:
- Koro Irastorzaren ataria: Batxilergoan ematen dituen gaiak (Historia2, Ekonomia eta Enpresa2, Historia1 eta Psikologia1)
- Koro eta Batxi2ko ikasleak
- Koro eta Batxi1eko ikasleak
- Korreoa: koroiras@gmail.com
Urdanetari buruz gehiago sakondu nahiko bazenute, oso gune interesgarriak dituzue hemen:
